literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.121 idazlan
7.829 esteka / 6.321 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Amagoia Iban
Euskaldunon Egunkaria, 2002-05-18
Josu Landa:
«Nobela hau idatzi bitartean ez dut izan inoiz egindako bekatuen itzalik»

Haizearen itzalak (Hordago, 1980) poema sorta izan zuen lehendabiziko liburua Josu Landa altzatarrak. Joxemi Zumalabe zenak ilustraturiko Ipurtargi beltza poema eta ipuin bilduma eman zuen handik hiru urtera Susarekin, eta argitaldari berarekin atera du orain lehen nobela: Odolbildua.

Nobela beltz bat, 50eko urteetako Ibaizabalen bazterretan kokatua. Kokapen geografikoa eta kronologikoa bere buruari jarritako erronka antzekoak direla dio Josu Landak gurera etorri eta grabagailua piztu berritan. “Nik bizi gabeko garaiak eta nik bizi gabeko tokiak aukeratuz gero, beharbada, irakurlearentzat gustagarriagoa-edo izan zitekeela pentsatu nuen. Nire distantzia erronkaren kontzeptu horretan sartzen da. Pentsatzen nuen horrek behartuko ninduela nik hobeto lantzera kontua. Orduan, nire buruak errazkeriara jo ez zezan langa bat jartzea bezala izan zen”. Mentxu da nobelako protagonista nagusia, sasipeko negozioetan dabilen emakumezko botikari independentea. Mentxuk, baina, argudioan garrantzi berezia duten beste hainbat pertsonaiaz inguratua ageri da nobela osoan.

Norainokoa izan da nobela prestatzeko hartu duzun dokumentazio lana?

Lana hartu dut, bai, baina ez da hainbestekoa izan. Batez ere, nik dokumentazio aldetik-eta egindako lan guztia ez zen hainbeste nobelan bertan datu horiek ager zitezen, idazteko orduan neure burua kokatzeko baizik. Nik argi neukan ez banuen lortzen neure buruarekin sinesgarria egitea, nekez lortuko nuela irakurleentzat ere sinesgarria izatea. Orduan, egindako dokumentazio lanaren zati bat baliatu dut nobelan bertan, baina oso zati txikia da hori. Irakurle gisa, egindako dokumentazio lanaren faktura, nolabait esateko, pasatzen duten nobelak ez zaizkit gustatzen. Alde horretatik, nik uste dut nobela honetan oso tantaka daudela orduko giroko detaileak.

Misterio girotik abiatuta, bestelako giro batek hartzen du nobela narrazioak aurrera egin ahala, ez duzu uste?

Nik uste dut, hala ere, istorioaren pisua bukaera arte mantentzen saiatu nintzela. Nik istorio bat kontatu nahi nuen batez ere, eta istorio horrek baditu bere hariak eta bere legeak, oreka eta suspense aldetik. Horretaz aparte, egia da pertsonaiei halako garrantzi berezi bat ematen saiatu nintzela. Eta ez bakarrik pertsonaia nagusiei. Bigarren mailako deitzen diren horiei ere garrantzia ematen saiatu nintzen.

Alde horretatik, ongi pasatu nuen idazten, istorioarena argi baineukan hasi aurretik nola bukatuko zen. Pertsonaiekin, berriz, ez nuen hain garbi. Azkenean, pertsonaia bat definitzea lan zailagoa da niretzat. Errazago sortzen zaizkit istorioak buruan. Eta, egia esan, ezusteko atsegina izan zen niretzat pertsonaiei halako aldaketatxoak edo elementu osagarriak sartzen ongi pasatu izana. Beste kontu bat da pertsonaien beren arteko harremana.

Menpekotasun eta amodio-gorroto harremanak dira asko, ezta?

Bai. Eta hori ere, nire kasuan, idatzi ahala definituz joandako zerbait da. Prozesu guztia izan da atsegina niretzat.

Pertsonaiak eraikitze horretan, oso gutxitan jo duzu deskripzio zuzenetara. Badirudi beste modu batera azaldu nahi izan dituzula zure pertsonaien izaerak.

Nik uste dut nobela honetan oso deskripzio fisiko gutxi dagoela, eta deskripzio psikologiko bakarra ere ez. Batez ere, saiatu nintzen pertsonaien rola egiten dutenaren, esaten dutenaren eta beste pertsonaiekiko harremanaren bidez definitzen. Ez dakit lortu dudan ala ez, baina saio handi samarra egin nuen nobela hau elkarrizketekin idazteko. Nire helburua zen elkarrizketek indarra edukitzea istorioaren beraren barruan eta pertsonaiaknolakoakdiren azaltzeko. Hori asmo gisa eduki dut idatzi bitartean. Bestetik, pertsonaiek egiten eta esaten ez dutenagatik ere azaltzen dira pertsonaiak. Batek baino gehiagok komentatu dit nobela honetan kontatzen denak askoz orrialde gehiagotarako emango lukeela, gauza asko kontatu gabe daudelako.

Eta ados al zara horrekin?

Kontatzen denaren eta kontatzen ez denaren arteko oreka nahi nuen neurrian geratu dela uste dut. Iruditzen zait irakurleak kontatzen ez denari buruz bere hipotesiak egin ditzan lortuz gero, hori ere polita dela.

Garbiñe Ubedaren azala oso komikeroa da. Hala nahita?

Bai, eta niri asko gustatu zait. Ez derrigorrez barrukoa komiki bat bezala irakur daitekeelako —hala iruditzen zait niri—, baina azala komiki bateko bineta bat izan zedila nahi nuen, nolabait.

Oso komikizalea al zara?

Bai, noski. Komikizalea, zinemazalea eta...

Neorrealismozalea ere bai?

Ez, ez naiz oso zalea. Niri zinema italiarra ez zait asko gustatzen.

Odolbildua-n bada, hala ere, neorrealismoaren kutsurik pertsonaiak azaltzeko orduan.

Pozten naiz. Baina hori film neorrealisten alderdi bat da. Niri zinema neorrealistan beti gustatu izan zaidana karakterizazioa izan da, bai pertsonaiena, bai giroena. Istorioak kontatzeko modua da haietan gustatu izan ez zaidana.

Elkarrizketa batean esan berri duzu zure liburuko orrialderik onena, zure ustez, zazpigarrena dela. “Joxemi Zumalaberentzat” dio orrialde horrek, eta Joxemi Zumalaberekin egin zenuen zure aurreko lana, Ipurtargi beltza.

Nik uste dut zazpigarren orrialdeari buruz esan nuena ulertzen dela. Nahiz eta nobela nik idatzi eta sinatzen dudan, nire barruan sentitzen dut Joxemi Zumalaberena ere badela nobela hau. Nik bizirik daramat nire barruan haren itzala. Eta orain dela ia hamar urte hil zenez gero, banuen buruan lehendabiziko liburua berarentzat izango zela. Asko berandutu naiz, baina hainbat gauzak, sentimendu aldetik behintzat, irauten dute denboran, eta nigan, behintzat, sentimendu horrek orain arte iraun du.

Odolbildua Interneten sartu duzu osorik. Zein helbururekin?

Nik horri ez diot berebiziko garrantzirik ematen. Nik ez dakit liburua zenbat jendek irakurriko duen Internetetik hartuta. Oso gutxi izango dela uste dut. Baina obra ezagutarazteko eta, zergatik ez, irakurtzeko beste bide bat da. Niri interesatzen zaidana da liburua ahalik eta jende gehienak irakur dezan.

Hemeretzi urte pasatu dira aurreko liburua eman zenuenetik. Gazte zinela gehiago sufritzen omen zenuen idazten. Holakoa izan da liburu honen idazketa?

Beno, urte batzuetako kontua izan da. Ez dakit lau edo bost urteko kontua izan den. Baina oso modu ez jarraian aritu naiz. Nire buruak, nolabait esateko, obsesioen bidez funtzionatzen du. Zerbait esku artean hartzen dudanean, ia-ia obsesionatu egiten naiz. Ez daukat gaitasunik gauza batetik bestera oso erraz aldatzeko. Hau da, nire buruak ez dauka etengailurik. Ez jarri hori tituluan, e? [kar-kar]

Oso modu ez jarraian eta tarteka intentsoan aritu naiz. Nobelarekin sartu izan naizenean, egun eta ordu asko segidan horretan ibilita, beste hilabete bat edo bi, edo gehiago, ezer idatzi gabe ibili naiz.

Tituluari buruzko zure aipamenak zure kazetari urteak dakartza gogora. Literatura kritikagintzan ere aritu zinen urte luzez. Urte haiek pisurik ba ote dute zugan gaur egun?

Kontzienteki ez. Nire ustez, abantaila den zerbait badaukat: oso memoria selektiboa. Liburu bat edo film bat sei aldiz irakur edo ikus dezaket berria balitz bezala ia-ia. Horrekin esan nahi dut nire bizitzako pasarteak ere, kritikak egin izana eta kazetari-eta ibili izana, noski gogoratzen ditudala, baina gehiago haiek utzitako hondarrak. Ni naizena izan naizenari esker da, ezta? Eta, orduan, nahiz eta nik egindakoaren ondarea badudan, batez ere onerako, ez naiz batere nostalgikoa eta gauzak ahaztu egiten zaizkit, erraz. Orduan, momentuan nagoena eta egiten dudana edukitzen ditut buruan. Beraz, nobela hau idatzi bitartean ez dut izan inoiz egindako bekatuen itzalik.

Zure lana irakurle gisa hartu zenuenean, distantziaz ikusi zenuela zenion nobelaren aurkezpenean. Azalduko al zenuke hori?

Ni sinetsita nago idazle batek liburu bat argitaratzea erabakitzen duenean, nolabait, liburu horrek zilbor-hestea eten egiten duela eta bere bide propioa egiten duela. Bere bide propioa egiten du merkatuaren legeetan sartzen delako eta orduan idazleak galdu egiten duelako liburu horren gaineko kontrola. Horretaz kontziente izaten saiatu naiz. Hemendik aurrera liburua egur dezakete, nahiz eta niri zuzena ez iruditu, baina horretarako prest ez baldin bazaude, ez argitaratu.

Odolbildua liburuarekiko kontrol hori galdu eta gero irakurri nuen, idazlearengandik dezente urruti dagoen irakurle baten ikuspegitik hartu nuen, eta oso sentsazio politak izan nituen. Berria zelako norbere liburua irakurle gisa eta distantzia batetik irakurri ahal izatea. Eta egia da irakurketa horretan nobelari buruzko hainbat gauza sortu zitzaizkidala ordura arte idazle gisa okurritu ez zitzaizkidanak. Baina horiek jolas intimoak dira eta ez dute berebiziko traszendentziarik.

Beste libururen bat bai buruan?

Istorioak badauzkat buruan, eta orain dela hamar, hogei urte ere banituen istorioak buruan. Hori da gutxien kostatzen zaidana. Horretarako berezko joera eta bizioa daukat nik. Automobila gidatu bitartean fikzionatu egiten dut neure buruarekin. Arazo handiagoa da hor egin behar den lana: eseri, idatzi eta biribiltzea lortu.

Liburuetan eman ala ez, idazten al duzu normalean?

Ez daukat ohiturarik koadernoak betetzeko, fitxak egiteko... Buruan ahal dudana pilatzen dut, eta idazten jartzen naizenean proiektu konkretu batean jartzen naiz, proiektu hori biribiltze aldera. Helburua garbi eduki gabe ez dut idazteko joerarik.

Ezta poesiarik ere?

Ez. Eta idatziko banu ere, zerbait biribiltze aldera egingo nuke. Nire alter ego irakurleari eskaintzeko moduko produktu bat ez badut ikusten, ez naiz idazten hasten.

Eta zer dio zure alter ego irakurleak beste idazle batzuek eskaintzen dizkioten liburuei buruz?

Hobekuntza bat izan dela nabaritzen dut, estilo eta kopuru ugaritasunean. Alde horretatik, uste dut oso jende gutxik irakurtzen duela euskaraz argitaratzen den guztia. Eta hori osasungarria da. Gainera, argitaratu berri diren liburuei buruz bakarrik hitz egiten da normalean, eta nik orain dela hamar urte ateratako gauzak berreskuratzen disfrutatzen dut gehien, orduko egunetik egunerako zurrunbiloan pasatu egin zitzaizkidan liburuak irakurtzen. Azkenaldian asko irakurri ditut itzulpenak.

 

Gero eta gris gutxiago

Gaur egun Donostiak hartzen duen Altzan jaio zen Josu Landa, 1960an. Euskal kulturari eta prentsari lotua ezagutu dugu oso gaztea zenetik, eta ibilbide horretan egin dituen hamaika lanen artean, Susa literatura aldizkariaren sortzaileetako bat izatea eta Argia aldizkarian eta egunkari honetan eginiko ekarpenak aipa daitezke, besteak beste. Azken sei urteetan, ASP informatikako zerbitzu enpresan dihardu lanean.

Bere bi lehendabiziko liburuak argitaratu zituenetik euskal liburuaren merkatua asko aldatu dela dio. “Saltzen duten eta saltzen ez duten liburuen bi muturren arteko grisak gero eta galduago daude. Horretaz aparte, merkatuak gero eta gutxiago barkatzen du. Ez baduzu saltzen, liburua ikusi ere ez da egiten. Baina asko saltzen diren liburuak jendeak zergatik erosten dituen ere ez dakigu”. Liburugintzak irakaskuntzarekin duen morrontza gero eta handiagoa aipatu digu, gainera, kezkatuta.

Landak ez du uste, sarritan entzuten dugun arren, helduentzako euskal literaturaren produkzioa puztua dagoenik. “Hori liburu saltzaile edo banatzaile batek esatea ulertzen dut, beraiek beren mugak dituztelako beren mugak dituztelako. Baina liburu saltzaileek eta banatzaileek esplikatu beharko dute zergatik gaur egun maneiatzen ditugun kopuruen barruan ezin dieten liburuen laurdenei ere behar bezalako tratamendua eman. Eta zergatik liburu denda guzti-guztietan euskarazko liburuari gero eta toki gutxiago ematen zaion. Hori zer da, gero eta euskarazko liburu gehiago argitaratzen delako? Ez, noski!”.

 

Bilaketa